Gunearen mapa

Gurasoen gida
Informazioa gurasoentzat
KiVa eskola jazarpenari aurre egiten dion eskola da Gurasoen gida bi hitzetan
Bullying edo jazarpenari buruzko oinarrizko informazioa
Zer da bullying edo jazarpena? Jazarpen motak Jazarpena gela osoari dagokion kontua da Zerk sorrarazten du jazarpena?
Nola igarri ikasle bat jazarria izaten ari dela?
Jazarpenaren aurkako neurriak eskolan eta etxean
Ekintzak eskolan Etxean har daitezkeen neurriak
Lotutako ikerketa eta ikasketak

Zerk sorrarazten du jazarpena?

Zerk sorrarazten du jazarpena?

Bullying edo jazarpenari buruz gehien egiten den galdera da zerk sorrarazten duen. Erantzuna ez da erraza. Erasotzailearen kontua ote da? Edo akaso biktima da kausa? Irakaslea? Eskolako giroa? Gizartea? Dakiguna da jazarpena ez duela aipatutako osagai horietako batek bakarrik sorrarazten. Edonola ere, badakigu zer faktorek areagotzen duten haurra erasotzaile edo biktima bihurtzeko arriskua. Frogatuta dago, halaber, jazarpena egoteko aukera handiagoa dela ikasgela batzuetan beste batzuetan baino. Aldeak daude, baita ere, ikastetxeen artean, herrialdeen artean... Kulturaren arabera ere, zenbait ezaugarrik jazarria izateko aukera areagotu dezakete. Adibidez, Mendebaldeko herrialdeetan haur lotsati eta isilak akaso sarriagotan izango dira jazarriak, eta Txinan, berriz, haur horiek estatus handia izaten dute beren lagunartean. Beraz, kultura bakoitzean balioesten denak eragina du jazarpenaren fenomeno honetan.

Jazarpena nork egiten du, eta nori?

Ikerketak erakusten du badirela ezaugarri jakin batzuk, haurrak erasotzaile bihurtzeko arriskuan jar ditzaketenak. Haur horietako batzuek arazo larriak izaten dituzte bizitzako zenbait arlotan; litekeena da nortasun oldarkorra izatea edo besteekiko enpatia sentitzeko zailtasunak izatea. Alabaina, garrantzitsua da ulertzea sarritan nahiko haur arruntak, atseginak direla, baina taldean daudenean era zitalean jokatzen dutela taldeko kide baten aurka.

Gaur egungo teoriak dio jazarpena gertatzeko arrazoi nagusietako bat dela erasotzaileak sendotu egin nahi duela taldean duen estatusa edo boterea.Besteei jazartzen zaizkien haurrek ikusiak eta entzunak izatea behar dute askotan, besteen mirespena jasotzeko eta taldean duten boterea sendotzeko. Beraz, jazarpenaren biktima bere buruarengan segurtasun handirik ez duen haur edo nerabe lotsati bat izaten da, taldean estatus apala duena, edo lagun gutxi edo bat bera ere ez duena. Horrelako biktima bat aukeratzean, erasotzaileak bermatzen du taldeak ez diola aurre egingo jazartzeari utz diezaion, eta garaipen erraza ziurtatzen du. Beraz, uste aski hedatua bada ere erasotzailea beti dela autoestimu apala duen eta jazarpenaren bidez bere sentimendu negatiboak kanporatzen dituen haur problematiko bat, uste hori faltsua da. Haur asko dibertitze hutsagatik, besteak inpresionatzeagatik edo, besterik gabe, begirune faltagatik jazartzen zaizkie besteei.

Edozein pertsona izan daiteke jazarria inoiz .Ikerketek haur edo nerabea jazarria izateko arriskua areagotzen duten ezaugarri eta berezitasun jakin batzuk identifikatu dituzte. Horietako batzuk ikusi egiten dira; esaterako, ezohiko itxura izatea, oso gizena edo argala izatea, baldarra izatea eta izaerarekin lotutako ezaugarri jakin batzuk izatea, hala nola herabetasuna, barnerakoitasuna eta oldarkortasuna. Era berean, ikasteko zailtasunak dituzten haurrek jazarriak izateko arrisku handiagoa dute. Lotsatia izatea, segurtasun falta eta autoestimu apala dira etorkizunean biktima bihurtzeko faktore nagusiak. Edonola ere, ezaugarri horiekin arriskua handiagoa da, baina ez da gauza segurua kasu guztietan eta egoera guztietan horrelako haurrak biktima bihurtuko direnik.

Ezaugarri horiekin jazarria izateko arriskua handiagoa izan daitekeen arren, horrek ez du esan nahi jazarria izatea biktimaren edo haren gurasoen errua denik, ezta haien erantzukizuna ere. Desberdintasun fisikoak, herabetasuna eta segurtasun falta ez dira biktimaren akatsak, haren ezaugarriak baizik, errespetatu beharrekoak. Era berean, garrantzitsua da ohartaraztea ikerketen emaitzak ehunka ikaslerengandik hartutako datu kopuru handietan oinarrituta daudela. Ikasle kopuru handiak aztertzerakoan ateratako ebidentziak ez dira zertan jazarpen-egoera guzti-guztietan aplikagarriak izan. Beraz, bereziki lotsatiak edo segurtasunik gabeak ez diren edo autoestimu handia duten haurrek ere jazarpena jasan lezakete.

Jazarritako haur eta nerabe asko baketsuak, barnerakoiak edo herabeak ez diren arren, badira izaeraz oldarkorrak diren biktimak ere. Haur batek jazarria izateko arrisku handiagoa izan dezake erraz “pizten” bada eta kontrolik gabeko agresibitatea agertzen badu. Biktima gutxi batzuk erasotzaile ere izan litezke; esaterako, gazteagoak eta ahulagoak diren haurrei jazar dakizkieke. Bai erasotzaile bai biktima diren haur horiekin, sarritan bereziki nekeza izaten da jazarpena geldiaraztea. Erasotzaile-biktimen agresibitatea eta portaera aztoragarria dela kausa, beren ikaskideek pentsa lezakete haiei jazartzea ulergarria dela, eta are justifikagarria.

Haurrei galdetzen zaienean besteei jazartzeko motibo bat emateko, sarritan esaten dute biktima “oso amorragarria” dela, gizarte-egoeretan moldakaitza, “aberaskume” edo “pijoa”, gehiegi hitz egiten duela… Haatik, garrantzitsua da ulertzea jazarpena beti dagoela gaizki, errespetugabekoa dela eta inork ez duela merezi. Norbaiten portaerak asko gogaitzen edo ernegatzen bazaitu, hari esan egin behar zaio, baina jazarpena ez da irtenbidea.

Haurren ezaugarri indibidualek ez ezik, taldearekin lotutako hainbat faktorek eragiten dute jazarpenean. Erasotzailearen rolean dagoen pertsonarengandik modu jakin batean jardun dadila espero da. Bestela esanda, pertsona batek bere rolaren arabera jokatzen duenean, besteek espero dutena betetzen du. Adibidez, erasotzaileak besteei “bullying-ikuskizun” bat ematen badie, pentsa lezake horrela taldeko “kideagoa” dela eta taldeak espero duenaren arabera jokatzen ari dela. Rolekin lotutako espektatibek ez ezik, erasotzailearen jardunean eragina dute ikasgelak jazarpenaren alde edo aurka ezarriak dituen arauek eta eskolaren kultura orokorrak. Ikasgela edo eskola jakin batzuetan ikusi da jazarria izateko arriskua handitu dezaketen faktore indibidualak ez direla nahikoa biktimizazioa aurreikusteko. Kasu horietan, jazarpena gerta daiteke taldeko arauek jardunbide hori babesten dutelako, haren aurka egon beharrean. Beraz, haur bat biktima bihurtzeko arriskua handitu dezaketen zenbait faktore egon arren, horrek ez du esan nahi azkenean jazarria izango denik. Jazarpen-kasu bat zergatik gertatu den ulertzen saiatzeko, garrantzitsua da taldearen –ikasgela edo eskola– barne-arauak aintzat hartzea.

Taldeak erasotzailearen jardunbidean duen eragina aintzat hartzeak ez du esan nahi gizabanakoak (erasotzaileak) bere ekintzen ardura ez duenik edo ardura txikiagoa duenik, baizik eta jazarpena ikusten dela erasotzailearen ezaugarri indibidualez haragoko beste hainbat faktoreren eragina duen fenomeno gisa. Kontu horiek KiVa ikasgaietan landuko dira, baina etxean ere eztabaida litezke.

 

Zer gertatzen zaio biktimari, eta zer erasotzaileari?

Bullying-ak arriskuan jartzen ditu bai biktimaren bai erasotzailearen garapena eta ongizatea. Besteak besteak, jazarritako haurrak besteak baino deprimituago egoten dira eta antsietate handiagoa izaten dute. Eskolara joateko beldurrak egon litezke, eta besteenganako konfiantza kaltetua dute.

 

Egoerari heltzen ez bazaio, jazarpena arriskugarria da erasotzailearentzat ere. Erasotzaileak pentsa lezake etorkizunean antzeko gauzak egiteak ez diola ondoriorik ekarriko, eta sinesten has daiteke besteak azpiratzea taldean arreta eta boterea lortzeko modu egokia dela. Txarrenean, bilakaera horrek hainbat arazo ekar ditzake etorkizunean: pertsona arteko harremanak ezartzeko zailtasunak, gero eta agresibitate handiagoa, indarkeria eragin dezakeena...

Besteei jazartzen ari zaien haur bati horrela jokatzen uzten bazaio:

  • Jazarpenaren eta indarkeriaren aldeko haren jarrera eta usteak sendotuko dira. Besteekiko jarrera are errespetugabeagoa izango da, eta besteak mintzea onargarria irudituko zaio, are dibertigarria.

  • Jazarpena gizarte-egoerak kontrolatzeko bide gisa erabiltzen ikasiko du. Jazarpena probetxugarria izan daiteke: arreta erakartzen du, botere-sentipena ematen dio, konfiantza handiagoa, akaso gozamena ere bai.

  • Bestalde, gerta daiteke erasotzailea harrapatuta sentitzea, ezinezkoa egiten bazaio bere portaera aldatzea. Ikasten du inork ezin diola lagundu, eta inork ezin duela gelditu.

Jazarpen-kasuen bilakaera aztertu duten hainbat ikerlanen arabera, haur eta nerabeek ez dute zertan denborarekin jazartzeari utzi. Beraz, bullying-a ez da berez eta ezer egin gabe gelditzen, eta besteei sarritan jazartzen zaizkien haurrek heldu oldarkor eta bortitzak bilakatzeko arrisku handiagoa dute.

Zenbait erasotzailek antzeko ezaugarri batzuk

(oldarkortasuna, enpatia-eza) badituzte ere, hainbat haur eta nerabe arrunt ere taldeko beste kide bati jazartzen zaizkio eta harekin zitalki jokatzen dute; batzuetan, begirune falta hutsagatik. Besteei jazartzen zaizkien haurrek ikusiak eta entzunak izatea behar dute askotan, besteen mirespena jasotzeko eta taldean duten boterea sendotzeko. Beraz, aukeratzen duten jomuga bere buruarengan segurtasun handirik ez duen haur edo nerabe lotsati bat izaten da, taldean estatus apala duena, edo lagun gutxi edo bat bera ere ez duena. Haur bat ez da erasotzaile edo biktima bihurtzen haren ezaugarri indibidualengatik soilik. Rol horietan eragina dute, halaber, beste ikasleen espektatibek eta ikasgelaren arauek. Erasotzailearen irudipena izan daiteke taldeak gehiago onartuko duela besteei “show” dibertigarri bat ematen badie. Biktimak etorkizunean ere jazarpenaren ondorioak jasaten ditu; horietako batzuk agerikoak izan daitezke, hala nola depresioa eta besteenganako mesfidantza. Bullying-a arriskugarria da erasotzailearentzat ere. Erasotzailearen portaera garaiz bideratzen bada, haren ongizatea eta garapena arrisku larrian jar daitezke.